XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ABERTZALETASUNA ZERTARAKO?

ABERTZALETASUNA zertarako?

Antzeko galderaren erantzuna izango litzatekeen zerbaitekin katramila gara Pello Arrizabalaga eta biok.

Ondarrutarrarentzat, Julen Madariagarentzat bezala, Abertzaletasuna, herri menperatuak erabiltzen duena da, bere burua askatzeko.

Euskadi askatuta dago.

Beraz, abertzaletasun beharrik ez da, eta baldin bada, frenoa bihurtzen ari da.

Nego maioren eta distinguo minorem erantzun nion nik, edonork ulertzeko moduan.

Baina Pello Arrizabalagak, entzungor eginaz, adarretik adarrera ihes egin dit, tartean ergelkeriak ere jaulkiz.

Norbere herria maitatzea eta norbere herriaren alde ahal duen guztia egitea da abertzaletasuna.

Ez dut nik asmatu.

Edozein hizkuntzetako edozein hiztegi orokorretan aurkituko du definizio hori Pello Arrizabalagak.

Berak, ordea, nahiago du Julen Madariagarena onartu.

Marxistena, noski.

Horrela, borroka-tresna bakarrik bihurtzen du abertzaletasuna.

Eta diktaduraren kontrako borroka-tresna, batez ere.

Eta jakina, arma-borroka.

Mario Onaindia lepoa jokatzen ari zen garaian, Arzalluz eta Egibar non ziren horregatik galdetzen du.

Pello Arrizabalagak hala uste badu ere, nik ez daukat nagoen tokitik Arzallus eta Egibar jaunei aurpegia atara beharrik.

Dena den, andoaindarra, orduan, galtza motxetan, txori-kabi-bila edo tiragomarekin argi-kikerak puskatzen edo ibili zitekeen.

Azkoitiarra, auskalo?

Meazuloren batean, españolen kapelau Alemanian, doktoradutzaren bat egiten, espetxeraturen bat defenditzen, areto dotoren batean Niccolo Machiavelliren batekin harpa jotzen, auskalo?

Pello Arrizabalaga tarteko, diktaduraren kontra armekin borroka egin zuenak bakarrik egin duela zerbait uste du zenbaitek, oraindik ere.

Horretarako bakarrik balio duela abertzaletasunak.

Ni ez naiz bi burukide horiei aurpegia atara beharrean izan.

Neure eta beste batzuen alde baizik.

Horiei gaur egiten zaien salaketa bera egiten baitzitzaigun beste batzuei orduan.

Galdetu bestela, euskal jaialdiak, bertsolari txapelketak, ikastolak, ELA sindikatua eta abar antolatzen edo gerorako karreren bat ikasten aritu zen zenbait jenderi.

Gizon-zintzilikariorik gabeko koldar batzuk besterik ez ginen, eta atzerakoiak, gainera.

Pello Arrizabalaga tarteko, diktaduraren kontra armekin borroka egin zuenak bakarrik egin zuela zerbait uste du zenbaitek, oraindik ere.

Are okerrago, horretarako bakarrik balio duela abertzaletasunak.

Nik ez dut borondaterik onenaz armak hartu zituenaren kontra ezertxo.

Are gutxiago, utzi dituenaren kontra.

Abertzaletasuna borrokarako eta iraultzarako bakarrik dela uste izatearen kontra nago ni, lehen eta orain.

Hori uste duena, berehalaxe hasten zaigu isekaka, postnazionalismoaz, nazionalismoaren berekoikeriaz, atzera-kargaz, basakeriaz eta bere izaera erasokorraz.

Eta atzo arte inor baino abertzaleagoa izan zena gaizkiesaka hasteak sutzen du bat.

Mariok, beraz, ongi merezitako odolkiak jasotzen ditu ordainetan.

Herria eraikitzeko, euskalduntzeko, baketzeko, aurrerabideratzeko da abertzaletasuna, nire ustez.

Eta herri txiki batentzat lan hori ez da sekulan amaitzen; ez autodeterminazioarekin eta ez independentziarekin.

Hala uste duena oso oker dago.

Horregatik dago abertzale ez den hainbeste nazionalista.

PSOE-ren badaudela euskal abertzaleak?

Lehen ere baziren, Toribio Etxeberria, Baskaran eta abar.

Baina Eibarko sozialismo hartan ere ez zen lekurik Joan San Martin sozialistarentzat.

Mario eta Pellok aldatu ote dute orain, bapatean, euskararekiko eta euskal kulturarekiko bizitza osoan uzkur izan den alderdia?

Ez ni eta ez EAJko asko ez ditu PSOEren sozialismoak eta aurrerakoitasunak ikaratzen, PSEren españolismoak eta zentralismoak baizik.

Pello Arrizabalaga ni baino ausartagoa izan da beti.

Baina ez dezala sinets mirarigilea denik.

Oraindik badu galtzak bete lan.